Urriaren 19tik azaroaren 7ra bitartean Artelekun ikusi ahal izango dugun Our Blood & Guts (gure
odola eta erraiak) erakusketan ikusgai izango dugu Ivan Gomezen lana, Gipuzkoako Foru
Aldundiak 2011n eman zion sorkuntza artistikoko beka jaso ondoren egindakoa.
Proiektua ikertzeko, artistak egonaldi bat egin zuen Medellinen (Kolonbia) informazioa jasotzeko
indarrez desagerrarazia izan den kideren bat duten familien dolu prozesuei buruz.
“Desagerrarazitako senitartekoak dituzten familietako dolu prozesuaren barruko hutsuneak egoera
irreal bat sortzen du, ez-gorputzeko egoera bat, etendako dolu egoera bat, ez egote fisiko bat baina
ez psikologikoa. Ez egotearen presentzia. Eklipse horrek egiturazko krisi bat sortzen du
familiarengan, puntu itsuaren inguruko neurosi bat, jabetzeari aurka egite bat eta desengainu bat ez
bakarrik bizitzarekiko baita heriotzarekiko ere (…) Dokumentu horiek bildu nahi nituen bizipen
arrasto bat, kolore paleta bat sortzeko eta, hortik abiatuta, bilaketa prozesuari hasiera emateko
sinbolikoagoa den ordena baten barruan. Nire asmoa ez da lan dokumentala edo historikoa egitea;
aitzitik, ulertu nahi dut nola bildu eta jasotzen duten informazioa diziplina horiek, gero eduki
horrekin lan egiteko modu pertsonalean.”
Erakusketa honek formatu ezberdinen arteko elkarrizketa bat jasotzen du: bideoa, argazkia,
marrazkia edo eskultura, eta horiek guztiek adierazten dizkigute “zenbait denborazkotasun: (…)
Oroimenaren berealdiko denbora. Dolu garaia eta ahazte garaia. Basakeriaren, barkamenaren eta
lotsaren garaia. Desioen, itxaronaldien, atsedenaldiaren denbora zehaztugabea, erabilezina edo ez.
Aldi berean, kontraesanen, okerren, nahigabearen, amaieren kateamenduaren, ezintasun argiaren
denbora.” Pablo Marte kultur ekoizleak azaltzen duen moduan.
Erakusketa dela eta, inaugurazio egunean gure artean izango dugu Pablo Marte
(http://www.pablomarte.com/,) eta El Contrato Del Espejo . izeneko hitzaldia eskainiko digu.
Hitzaldian, lotura bat ezarriko du Peter Weissen Prozesu berria saiakeraren eta Franz Kafkaren
Prozesua eleberriaren artean. Eleberri hori, hain zuzen ere, erreferente izan zuen Ivan Gomezek bere
proiektua garatzeko.
Ivan Gomez, Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederretako lizentziatua, eszenaratze ikastaro bat
egin zuen San Antonio de los Bañoseko (Kuba) Zine Eskolan. Bere lanean objektuen eta irudien
arteko elkarrizketa bat proposatzen du, topaketa bat ahalbidetuz “Bestearekin”. Bere lana ikusgai
egon da, besteak beste, Madrileko La Casa Encendidan, Bartzelonako Jove Arte Aretoan, New
Yorkeko Issue Proyect Roomen, Cacereseko Vostell Malpartida museoan, Kubako Camagüey
Bideoarte Jaialdian edo Berlingo SIM Gallerym. JustMad feriako bi ediziotan parte hartu du.
www.ivangomez.net
ARETO ORRIA
Nahi ez badugu ere, guztiak dauka bere denbora, heriotza dei bat, oihartzunak zeinaren durunditik
eraiki baitziren zibilizazioak eta kulturak. Hortaz, erakusketa honek hainbat denborazkotasun igarotzen
ditu: denbora geologikoa, adimen eraikitzaile baten denbora… Baita hondamenaren denbora
ere, etorkizun bat edo iragan bat, nahi den moduan, non adimen hori iragan bihurtu den, izan zen
bai, baina orain, izan zenaren hondarra baino ez da. Oroimenaren berealdiko denbora. Dolu garaia
eta ahazte garaia. Basakeriaren, barkamenaren eta lotsaren garaia.
Desioen, itxaronaldien, atsedenaldiaren denbora zehaztugabea, erabilezina edo ez. Aldi berean, kontraesanen,
okerraren, nahigabearen, amaieren kateamenduaren, ezintasun argiaren denbora.
Hala eta guztiz ere, Our Blood and Guts (gure odola eta erraiak) lanean, denbora, baita ere eta batez
ere, paisaia bat da, eszenatoki bat, non arkitektura mnemoniko baten oina marraztuta agertzen baita,
proiektu modura. Artista ondorengo premisa honetatik abiatu baitzen: senitarteko bat desagertu
egin da, bat-batean, arrastorik utzi gabe. Lege ondorioetarako, hildakotzat joko da ezarritako epe
batzuk betetzen direnean. Familiarentzat eta adiskideentzat, denbora hori, nolabait ere, ez-denbora
bat da, zeinak dolua galarazteaz gain, oroimenaren berridazketa jakin bat egitera bultzatzen duen,
bat-batekoa eta aldizkakoa den testu bat, kontakizun burutuen irmotasunari, eraikin sendo gisa eraikitzeari
aldez aurretik uko egiten dion testua, nahiz eta ohikeriak besterik ezarri.
Lurralde horretan Ivan Gomezek objektuak eta irudiak kokatzen ditu hainbat figuraren inguruan:
Teeteto izeneko ilargiko krater baten oinean aurkitutako laino batetik abiatuta, eta lotura eginda izen
bereko Platonen elkarrizketarekin, non aztertzen baita jakintzak zer arrasto uzten duen eta nola irauten
duen esperientzian eta oroimenean, Our Blood and Guts lanak prozesu horien izaera lausoa eta
opakoa azpimarratzen du, eta prozesu horien gaua eta lainoa, pertsonak desagerrarazteko eta deportatzeko
naziek onartutako dekretu latzean bezala, gizakien osteko zibilizazio baten berezko praktikak
dira, Legearen alderdi formal hutsa enegarrenera berretuta, erakusketan bertan ere aipatzen den
Kafkaren Prozesua idazlanean bezala.
Axolagabetasun kaltegarri bat nora ezean dabil, mamu baten antzera, modernitateko museo handietako
apalen eta bitrinen artean. Arroka plutonikoen saila izan, kuaternarioko geologia, Ming dinastiako
ontziak, Suaren Lurraldeko Ona indigenen kanoak, Carlos III.aren txanpon bilduma edota
XVIII. mendeko lehoi disekatua izan, objektu bakoitzaren denbora dagokion fitxako erreferentziari
doituz gero, ezinbestean mutu eta aldatuta gelditzen da objektu bakoitzak berea zuen denbora, katalogazioaren
eta artxiboaren bidez atxiki ezin diren existentzia frekuentziatan asaldatzen dena. Axolagabetasun
hori, mamua bezala, ez-denbora baten inguruan dabil, baina arrasto baten, oroimen baten
aurpegia erakusten du beti. Berezkoak, orduan, artxiboaren eta memoriaren arteko banaezintasunaren
itxura hartzen du, hala, adibide bat jartzeko, Berlingo Museum für Naturkunde museoan
disekatuta dauden animaliei begiratzen badiegu, nolabait ere behartuta sentitzen gara denbora jakin
batean kokatzera, eta hori defendatzeko, zenbait historia beste batzuen aldean gailentzearren, hala
egin dezaketenak agertuko dira erregistro ordenatuaren eta kontrol zehatzaren aginpidearekin, eta
euren kultur eraikuntzaren izaera hegemonikoak ematen dien kaudimenarekin, zeinak ez duen desadostasunik
onartzen. Arima argiak. Disekatutako animali horietako josturek ere badakite axolagabeki
bizi duten denbora hori betikotasun kezkagarri bati begira egindako irudikapen baten denbora
baino ez dela, eta beraiek ez direla inoiz betikotasun horren parte izatera helduko: ez daukate zain
eta ez dagokie.
It shows a selection of images in low quality. If you want them high or the entire collection , please contact us. ///
The video(s) shown is (are) in low quality, if you want them high , please contact us.
Copyright © Arteleku