ARTELEKU

Arteleku Gipuzkoako Foru Aldundiak 1987an sortutako eta 2014an itxitako arte zentroa izan da. Urte haietan ez zegoen gisa horretako zentrorik, ez  Euskal Herrian eta ez inguruetan. Orduko beharrei erantzuteko sortu zen, eta hasiera-hasieratik esperimentaziora, praktikara eta produkziora bideratutako proiektua izan zen, beti ere artearen pedagogia ardatz hartuta.

Artistek euren lana garatzeko, elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko lekua zen Arteleku, baina baita jakintzaren alor diferenteetan puri-purian zeuden gaiak eta eztabaidak ezagutzeko leku bat ere: tailerrak egiten ziren, mintegiak, hitzaldiak. Bazen gainera material hura guztia argitaratu eta gizartearen esku jartzeko borondate argi bat ere, hala egin ziren liburuen argitalpenak, hala sortu zen Zehar aldizkaria.

Bizirik dagoena aldatzen joaten da, eta Arteleku ere aldatuz joan zen, gizartea bera ere aldatzen joan zelako, besteak beste, eta aldatu egin zirelako bai informazioa lortzeko moduak, bai lan egitekoak, eta baita lan hori zabaltzekoak ere.

Hori guztia kontuan hartuta, artxibo digital honek Artelekuren memoria gorde eta herritarren eskura jartzen du.