ARTELEKU

Publicaciones / Desmuntaketa: filme, bideo/apropiazio, birziklapena

Desmuntaketa: filme, bideo/apropiazio, birziklapena

«Desmuntaketa: Filme, Bideo/Apropiazio, birziklapena» titulupean bildutako pelikula eta bideo zikloan nabarmen da apropiazionismoaren eta birziklapenaren eremu zabalean ikusentzuneko arteak nagusitu direla. 80ko hamarkadan ugaldu egin dira aurrez bazeuden material usadioaren inguruko analisiak; ordea, bestelako ikuspegi baterako lekurik bada, mugimenduzko irudiaren hari amankomunetik abiatuta, mendean zehar izandako esperientziak jasoko dituen sorkuntza prozesuaren ohizkanpoko forma aberastuko duen ikuspegia, alegia. Multzoa gogoetagarria bezain konplexua da. Euskarrien aniztasuna, eta beste arte lengoaiekiko horien erlazioa, ikerlanerako bide dira. Kontzeptuen eta praktiken bilbeak lerro gurutzatuen mapa trinko bat itxuratu du. Hirurogeita hamar lanen hautaketaren atzean eginkizun aipagarria antzematen da, aurrean, berriz, burutaziorako behar hainbat frogagarri aurkezteko efektua. Irudi filmikoa eta elektronikoa autoretzaren, jabetzaren, masen komunikabideen eta kritika erradikalaren posibilitateen gaineko galdekizunen erdi-erdian lekutzen da. Fikzioa eraikitzeko erreminta berberekin manipulazio mekanismoak desmuntatzea beharrezkoa da. Eta horrelakorik lortzeko formulak anitzak eta tradiziodunak. Jardiel Poncelak lortu nahi duen hilaritatetik hasi eta scratch bideoaren danbatekoraino, «emandakoaren» inguruko eztabaidak konbentzioak buruz behera jartzeko balio izan du. Eugeni Bonet-ek proposatu digun erakusketa anitzari gainbegiratu bat ematean, arkeologoaren borondate zientifikoarekin, elkarrizketariaren adimen irekiarekin eta ekologismoaren ahalegin desintoxikatzaile osasungarriarekin bat egiten dugu.