Vicente Ameztoyk santuen irudi sorta bat eta paradisu bat pintatu ditu Erremelluriko Andre Mariaren ermitan, bertarako pintatu ere. Kristau, judutar eta mozarabiarren kultur aztarnak biltzen dituen toki horretan 1993tik 2000ra arte eman dituen egonaldi luzeetan zehar, San Gines, San Kristobal, Santa Sabina, San Esteban, Santa Eulalia eta San Bizente-ren irudiak birsortu ditu, paradisuaren irudi apokrifo batekin batera. Artista honen hain esperientzia bereziaren inguruan, bere barne-ateismoarekin solasean eta Erremelluriko parajeak eragiten dion liluramenduaz blai burutu baitu arte erlijiosoaren inguruko proiektu hau, hantxe bertan bildu ginen, esperientzia horri buruz hitz egiteko eta beste plazer osagarri batzuk ere dastatzeko zein elkarrekin gozatzeko. Horrelakoak genituen, esate baterako, Erremellurin ontzen den ardo aparta, gastronomia edota harridura bozkariozkoa eskaintzen digun paisajea. Hurrengo lerrotan bildu ditugu solasaldiaren zati batzuk, kontu asko ukitu baitzituen, bai geunden tokiari buruzko hurbilpen historiko eta etnografikoa eginez, bai bizipenezko eta pinturazko paisajeez hitz eginez, kontu sakratuez eta profanoez, konpromiso politiko eta kulturalaz, pintura, narrazio eta moteltasunaz, paradisuaz eta beste enigma batzuetaz.