«Ça a été»: horra zer esaldirekin laburtzen duen argazkiaren funtsa Roland
Barthesek, bere Kamera argitsua obran. «Hori, izan da». Irudiaren aurrean, nire
lehenbiziko errakzioa zera da: irudiak islatzen didana, izan, izan dela historiaren
une jakin batean. Barthesek ez zuen ukatzen irudiaren erretorika bat egon
zitekeenik; hain zuzen ere, argazkigintzari buruzko lehen testuetariko batean
aztertua zuen gaia; baina, berarentzat, errealitatea jasotzea argazkilariaren
esku-hartzeen gainetik dago.
Teoria modernistarentzat, irudiaren eta erreferentearen arteko zuzeneko
lotura da argazkia beste ikus arte batzuetatik —pintura edo marrazkitik,
kasu— bereizten duen elementu nagusia. Lotura hori, izan ere, irudiaren eta
objektu konkretu baten artean sortzen baita, ez irudiaren eta objektu klase
baten artean. Horrek ondorio nabarmena du: argazkia nekez uztartzen dela
sinbolikoarekin; edo, bestela esanez eta Régis Duranden hitzak erabiliz (Le
temps de l’image), argazkia singularrari itsasten zaiola, eta, horrenbestez,
funtzionamendu sinbolikorako behar den urrundea eragozten duela.
Esparru fotografikoari begira, indizialtasunaren teoria honen zuzeneko ondorioz,
indartzen diren poetikak dira objektuaren aurkezpenean edo irudiaren ekoizpen
baldintzetan zentratzen direnak, denborazkotasunarekin duen harreman estuan
zentratzen direnak. Beste autore batzuen arabera —Craig Owens, adibidez—,
argazkiaren erabilera alegorikoa da, hain zuzen ere, posmodernitatea definitzen
duten praktiketako bat. Bere Allegorical Impulse obran, Owensek planteamendu
hori aipatzen du arte posmodernoaren ezaugarrien artean eta, jakina, erreakzio
gisa argazki modernistaren aurrean, honek dokumentalismoaren estetika
izan baitzuen ordu arte ardatz. Dokumentalismoak erakusten duena bera
adierazi nahi duen bitartean, alegoriak bigarren adierazi maila bat ezartzen du,
erakusten denaren eta esan nahi denaren artean desadostasuna sortuz.
Karen Knörrek, mintegi honetan, planteatuko du zertan oinarritu duen bere
lana, museoaren inguruan eta irudi fotografikoak XVIII. mendeko praktika
artistikoekin duen loturaren inguruan. Mende hartako pintura, izan ere, oso
lotua ageri da akademizismoaren baloreekin, hau da, bizitzaren eta ezagutzaren
esparru guztietan arau espiritua ezarri nahi duen arrazionalismo baten espresio
artistikoaren baloreekin. Enziklopedistek beti nahi izan dituzte arteak sailkatu,
ideal piktorikoak ezarri eta museoa artelanak gordailatzeko eta sailkatzeko toki
gisa hartu. Knorren obrari hausnarketa bat dario printzipio horien inguruan;
bereziki, arte klasikoak garatutako lengoaia artistikoari buruz eta gizarte
garaikideak harekin duen harremanari buruz egiten du gogoeta, gaurko
gizarteak eta ordukoak oso desberdin ikusten baitute gaia.
Copyright © Arteleku