Seguruaski azken hamabost urteotako Euskal herriko (anti)rock talde pertsonal eta ausartena den Akauzazte (orain
Akauzazte Danok) taldearen diska berriaren entzunaldi berezia proposatzen dizuegu ekitaldi honen bidez. Sei urte
luzeko lana suposatu duen lan honek, beraien baliabideekin grabatu eta nahasi eta ekoitzia izan denak, ez du taldearen
orain arteko ibilbide paregabea baieztatu bertzerik egiten. Are gehiago, Azkoitin jaiotako musika egitasmo honek, bere
hastapenetan abiatutako ibilbideak oraindik hamaika zeruertz dituela zain uzten du agerian.
“Akauzazte Danok” lanak irauten dituen 59 minutuetan gitarra elektriko eta akustiko desberdinak, loop desberdinak eta egitura melodiko
desberdinak pixkanaka baina aldi berean modu bizian garatzen dira. Oharkabean guztiz harrapatzen gaituen sare sendoa osatzen dute,
motel-motel entzuleak itotzen gaituena. Taldeak sortzen dituen ehundurak urratzaileak dira, latzak, lakarrak eta gogorrak. Soinu blokeak
behin eta berriz errepikatzen dira eta eragin hipnotikoa dute, jatorri tribaleko perkusioak egiturari erritmo irmoz eta indar basatiz eusten
dion bitartean.
(Diskaren aurkezpen ofizialetik ateratako zatia)
Artelekuko AUDIOLABek antolaturiko aurkezpen honetan Akauzazte Danok taldeko kideek diskaren sorkuntzaren nondik
norakoak azalduko dituzte eta diska osatzen duten kantu zenbait 5.1 surround sisteman entzutera emango dituzte, Anjel
Katarain soinu teknikariak espreski modu hortara prestatu bezala.
info gehiago: www.artoartian.org/akauzazte
Martxoaren 12a ostirala
19,00 / Arteleku
Kalitate baxuko irudi aukeraketa bat erakutsi dizugu. Kalitate hobean edo bilduma osoa nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan. ///
Erakutsitako bideoa(k) kalitate baxuan dago (daude), hobean nahi izanez gero, gurekin harremanetan jarri.
Copyright © Arteleku