Aldare bat gertaera narratibo bat da. Bertara sinestunak narratiboki gerturatzen dira, beraien beldur, sufrimendu, desio eta esperantzak adieraztera. Aldareetan komunikatzeko behar bat dago, baina aldi berean modu estetikoan espresatzeko ahalmena ere badago.
Ikonotik erretaularaino, aldareak irudikatzeko modu desberdinak biltzen ditu, hauetako bakoitzak gauza edo gertaera zehatz bat kontatzen du, forma zehatz eta desberdin batean. Esparru honetan, irudikatutako figuren nolakotasun sinbolikoekin edota ezaugarriekin egin dezakegu lan. Bestela, pertsonaia horren bizitza eredugarria eta bere sufrimenduak kontatuz sekuentzia bat ere landu daiteke.
Eta, nola ez, bizitza eredugarri horren atzean dauden bizio eta neurrigabekeriak ere zigortu daitezke. Begirada desideologiko bat lantzean, kasu honetan ilustrazioa lantzerakoan, perspektiba desberdina eta harrigarria lor dezakegu, gure kultura tradizionalen planteamendu estetikoak geureganatuz.
Aldare baten eraikuntzak hainbat alor lantzeko aukera emango dio tailer honetan parte hartuko duenari: pertsonaia baten narratibotasun ez-sekuentziala, erregistro sinbolikoa, eta, besteak beste, estetika eta kolorea.
Tailer hau, jolaserako, hausnarketarako, sormen pertsonalerako eta elkarlanean sortzeko lekua izango da. Bertan tradiziozko hizkuntzarekin esperimentatzeko beharra aldarrikatuko dugu.
Metodologia
Tailerraren lehen saioetan, errepresentatibotasun grafikoen hausnarketa eta imitazioetan zentratuko gara.
Eskapulario eta zingarriekin hasiko gara, sinboloaren gaian sartzen hasteko, eta gure ondare ikonografikoan murgilduko gara, baita haren zentzu psikologikoan ere.
Ondoren jatorri erlijiosoa duten eredu narratiboak landuko ditugu, hala nola, Errusiako estanpa herrikoiak (lubki) eta ex votoak, hauen estrukturak eta gaiak aztertu ondoren, hortik aurrera geure istorio propioak sortzeko.
Geure hausnarketarekin jarraituko dugu santoral bat sortuz, eta honetan gu geuk aukeratuko dugu pertsona, animalia edo gure mirespena jasoko duena.
Beharrezko santifikazioa egin ondoren bere bizitza eta mirariak narratzera pasako gara.
Kalitate baxuko irudi aukeraketa bat erakutsi dizugu. Kalitate hobean edo bilduma osoa nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan. ///
Erakutsitako bideoa(k) kalitate baxuan dago (daude), hobean nahi izanez gero, gurekin harremanetan jarri.
Copyright © Arteleku